ONDARRUTARRAK ARRAUNEAN
Ondarroa, betidanik egon da arraunari lotuta, ondarrutarrok, hainbat mende daramatzagulako, arrantzarako, garraiorako eta merkataritzarako tresna bezala erabiltzen. Nahiz eta gaur egun, soilik kirol jarduera bezala erabili, ondarrutarrok, arrauna oso barneratuta daukagun jarduera da, mendeak daramatzagulako, txalupak, arraunlariak, arraunak, toletak eta estrapuak, elkar lanean, sortzen duten soinua, gure abra, badia eta ibaian zehar entzuten.
Zentzu honetan, data eta lorpen konkretuetan zentratuko gara, Ondarroaren arraun historia, hiru aro ezberdinetan banatuz.
Lehen aroa: «Kantauriko garaiezinak» (1865-1902)
1865eko abuztuaren 31 data seinalatua da arraunaren munduan eta, bereziki, Ondarroako historian. Egun hartan, ondarrutarrek Bilboko abran jokaturiko estropada irabazi eta bandera bat jaso zuten sari gisa; hori izan zen, historian zehar, traineru-estropada bateko garaileari emandako lehenbiziko bandera.
1887an, Ondarroak Bilboko Abrako bigarren bandera irabazi zuen. Hiru traineru aurkeztu zituzten ondarrutarrek, eta lehen zein bigarren postuak eskuratu. Emaitza bikain haiek ikusita, Bilboko Club Nautikoko bazkideek «Kantauriko garaiezinak» izenarekin bataiatu zituzten. Egun hartan, Bilboko portuaren inaugurazioa zela eta, Maria Kristina erreginak bandera bat eta tamaina naturaleko igeltsuzko lehoi bat oparitu zizkien ondarrutarrei, haren falua erreala Nerbioi ibaian zehar arraunean eramateagatik eta estropadan lortutako garaipenagatik.
1888an, Pasai San Pedroren eta Ondarroaren arteko desafioa jokatu zen Getaria eta Donostia artean. Estropadak 84 minutu iraun zuen eta Ondarroa izan zen garaile, 15 segundoko aldearekin. Garaipen hura gogorarazteko, Bilboko Club Nautikoko bazkideek beste bandera bat oparitu zieten.
1890ean, berriz, Donostia eta Ondarroa neurtu ziren Lekeitio eta Getaria artean. Estropadak 81 minutu iraun zuen eta, polemika eta guzti, Donostiak irabazi zuen minutu bat eta hogeita zortzi segundoko aldeaz.
1898an ”Flora” izeneko traineruarekin lehiatuz, bere lehendabiziko Kontxako bandera irabazi zuen Ondarroak, bandera hau irabazten zuen lehen talde bizkaitarra izanik.
1902an, Ondarroak hirugarren aldiz irabazi zuen Bilboko Abrako bandera. Berriro ere bi traineru aurkeztu zituzten, eta lehenengo eta bigarren postuak lortu.
Lehen aro emankor honetan, guztira 5 garaipen eta 6 bandera eskuratu zituzten.
Lehiatik kanpoko aldia (1903-1924)
1903 eta 1924 bitartean, Ondarroak ez zuen estropadetan parte hartu. Garai hartan, herriko arrantzaleen artean sortutako ika-mikek bigarren kofradia baten sorrera ekarri zuten: San Pedro kofradia, lehendik zegoen Santa Clarari batuz. Banaketa hark traineru bat osatzeko beharrezkoa zen elkarlana eta konpromisoa zaildu zituen, eta ondorioz, lehiatzeari utzi zioten.
Horrez gain, baporezko motorren agerpenak arrantzarako aukera eta baliabide berriak ekarri zituen. Ahalegin guztiak arrantza-mota berrira bideratu zirenez, arrauna, kirol-jarduera gisa, alde batera geratu zen urte horietan.
Bigarren aroa: Berpizkundea eta eten berria (1925-1926)
1925ean, bost urte lehenago sortutako Aurrera Kirol Elkartearen ekimenari esker, arrantzaleak berriro batzea lortu zen eta Ondarroako trainerua estropadetan lehiatzen hasi zen berriro. Urte hartan, Portugaleteko uretan jokatu zen Aldundi Kopan parte hartu eta garaipena eskuratu zuten. Hurrengo urtean, 1926an, Ondarroak berriro hartu zuen parte txapelketa berean eta, bigarren aldiz jarraian, garaile atera zen.
1926 urtea historikoa izan zen: Ondarroak, lehen aldiz «Antiguako Ama» izeneko traineruarekin lehiatuz, bere bigarren Kontxako Bandera irabazi bait zuen (lehenengoa 1898an lortu ostean). Bigarren aro labur baina oparo honetan, hiru garaipen garrantzitsu eta bandera bat lortu zituzten.
Arrantzaren loraldia eta arraunaren baztertzea
Garai hartan, gasolindegiko motorren eta teknologia berrien agerpenak iraultza ekarri zuen: urrunago joateko eta arrantza ugariagoak ekartzeko aukera ahalbidetu zuten. Horrela, ohikoa zen baxurako arrantzaz gain, itsas handiko edo alturako arrantza garatu zen, herriko ekonomian izugarrizko garrantzia hartuz. Ontzi kopuruak gora egin zuen etengabe; esaterako, 1980ko hamarkadan alturako 150 ontzi eta baxurako 70 inguru izatera iritsi zen Ondarroa, harrapatutako arrain kopurua izugarri handituz.
Herritarren ardura eta ahalegin guztiak herriko ekonomiarentzat ezinbestekoa zen arrantzara bideratu ziren. Testuinguru horretan, arrauna alde batera utzi eta guztiz baztertu zen. Ondorioz, arrauna lanerako tresna izatetik kirol-jarduera izatera igarotzeko trantsizioa eten egin zen herrian.
Baina garai hartan, gasoilezko motorren eta teknologia berrien agerpenek, urrutirago joateko aukerak eta bide batez, arrantza ugariagoak ekartzeko aukerak ahalbideratu zituzten. Horrela, ohikoa zen ur txikitako arrantzaz gain, ur haunditako arrantza ahlbideratu zuten, herriko ekonomian, izugarrizko garrantzia suposatuz. Esate baterako, ontzien kopurua izugarri ugaritzen joan zen, 1980ko hamarkadan, ur haunditako 150 ontzi eta ur txikitako 70 ontzi inguru izatera heldu zen, harrapatutako arrain kopurua, izugarri ugarituz. Herritarren ardura eta ahalegin guztiak, herriko ekonomiarentzat ezinbestekoa zen arrantzara bideratuz. Testuinguru honetan, arrauna, alde batera utziz eta guztiz baztertuz. Horrela, arrauna lanerako tresna izatetik, soilik, kirol jarduera izaterako transizioa guztiz galduz.
Hirugarren aroa: Ondarroa Arraun Elkartea (1973 – Gaur egun)
1973an sortu zen egun ezagutzen dugun Ondarroa Arraun Elkartea, ibilbide berri bati hasiera emanez. Sortu zenetik igaro diren 50 urte inguru hauetan, elkarteak ez ditu indarrak lehiara soilik bideratu; ahalegin handia egin du arrauna herriko gazteen artean sustatzen, gizarte-lan garrantzitsua burutuz.
15 urtetan zehar hainbat egoitzatan ibili ondoren, 1988an udal arraun-pabiloi berrira aldatu zen kluba. Instalazio horiei esker, entrenamenduak baldintza hobeetan egiten hasi ziren eta materiala hobeto zaintzeko aukera sortu zen. Ondorioz, arraunlari kopuruak gora egin zuen eta elkartearen lehiakortasuna handitu egin zen.
Itzulera handia eta lorpen historikoak
Guda Zibila amaitu berritan (1939) jokatutako bi estropada bakanen ostean, Ondarroak 57 urte eman zituen traineru txapelketa ofizialetatik kanpo. 1983an itzuli zen trainerua lehiara, eta nahiz eta hasieran zaila izan ontzia urtero osatzea, harrobian (bateletan) garaipen handiak lortu ziren Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan.
1993an iritsi zen mugarria: 67 urteren ostean, Ondarroak Lekeitioko Bandera irabazi zuen. Hurrengo lau urteak oso oparoak izan ziren: 15 garaipen traineruetan (tartean 3 Bizkaiko Txapelketa) eta 1994an Kontxako Banderarako sailkatzea lortu zuten, 68 urteko lehortearen ostean. Lorpen hori hurrengo bi urteetan ere errepikatu zuten.
Krisia eta berpizkundea
90eko hamarkada amaieran, arraunlari faltak trainerua ez uretaratzea dakar (1998). Hala ere, barne-hausnarketa baten ondoren, 1999an berriro ekin zioten Euskal Ligan, harrobiko filosofiari leial jarraituz. 7 urtez KAE1 mailan lehiatu ostean, 2009an KAE 2 mailara jaisteak beste inflexio-puntu bat eragin zuen: proiektua berritu eta harrobiko gazteak bihurtu ziren traineruaren bizkarrezurra. Horri esker, 2011n KAE 1era igotzea lortu zuten, 4 bandera irabaziz.
Urrezko aroa: Eusko Label Liga
2012tik aurrera, taldeak goranzko joera geldiezina izan zuen, eta 2016a urte historikoa izan zen: KAE 1 Ligako txapeldun bilakatu ziren (15 estropadatik 13 irabaziz) eta Eusko Label Ligara (ACT) igotzea lortu zuten.
Geroztik, «Antiguako Ama»k maila gorenean darrai, emaitza aipagarriekin:
- 2021: Lehen bandera ACT ligan (Petronor Bandera, Zierbenan).
- 2022: Bigarren bandera, etxean (Ondarroako Bandera).
- Kontxa: 2019an (sailkapeneko denborarik onena markatuz ostegunean) eta 2022an berriro lehiatu ziren Donostian.
Emakumeen arrauna eta harrobia
Aurretik aipatutako emaitzak lortzeko harrobiko lana oso garrantzitsua da, Ondarroarentzat zutabe nagusia delarik. Azken urteetan, lan horrek emandako emaitzak lehiaketako garaipenez gain herriko traineruko bizkarrezur Ondarruko semeak izatea ekarri du eta historian lehen aldiz, 2019 urtearen ondoren emakumeen trainerua uretaratzea ekarri du.
Gertaera historiko hau kontuan hartu beharrekoa da. Aurreko urteetan Isuntzarekin elkarlanean Lea-Artibai izenean lehiatzen ziren Ondarroako arraunlari emakumeak. Esan bezala, 2019 an elkarteak apustu irmoa egin zuen emakumeen traineru propioa izateko eta gaur egun lan horrek uretan jarraitzen du, emaitza politak lortuz.
- 2020: Bizkaiko Txapelketa (Lekeition) eta Castroko Bandera.
- 2022: Bigarren aldiz Bizkaiko Txapeldun.
- 2025: Bizkaiko Txapelketa (Lekeition)
Gaur egun, elkarteak 1.253 bazkide ditu (herriaren %14,2) eta 125 arraunlari (65 emakume eta 60 gizon). Horietatik 100 haur eta gazteak dira, elkartearen altxor nagusia eta etorkizuneko bizkarrezurra.
Orain, gure gizonezkoen ‘Antiguako Ama’ Eusko Label Ligan eta emakumeena ETE Ligan, biak hala biak Kantauriko eta Atlantikoko trainerurik onenekin lehiatzen daukagularik, urte askotan jarraitu nahi dugu, apaltasun osoz baina harro, gure herriaren eta gure elkartearen arraun historia luze eta oparoa idazten.
